EUS / ES

Hizpro / Euskaraz Bizi

Betiko Ikastolaren Hizkuntza Proiektuaren helburua, euskara eta euskalduntasuna ardatz duen proiektu eleanitza garatzea da. Hartara, Hizkuntza Proiektua ikastolan lantzen diren hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntza zein erabilerari koherentzia ematen dion egitasmoa da. Horretarako, ikastolaren eremu guztietan-pedagogikoan, ikastola barruko harremanetan zein Ikastolak herriarekin dituen harremanetan– eragiten du.

Hizkuntza Proiektuak, beraz, bi esku-hartze eremu nagusi ditu. Alde batetik, eremu pedagogikoari dagokionez, hizkuntzaren garapenean eragina duten irakaskuntza eta ikaskuntza prozesu guztiak biltzen dira. Bestetik, eremu instituzionalaren alorrean,   ikastolaren eraketarekin eta gizarte-harremanekin lotuta dauden alderdiak biltzen dira.

Honekin batera, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasle arduradunak astero elkartzen gara, urteko plangintzan zehaztutako beharrei erantzuteko.

Beste alde batetik, gainontzeko proiektuetan bezala ikasleak ardatz ditugu. Horren erakusgarri, modu asanblearioan eta borondatezko izaera oinarri duen Euskara Batzordea dago, ikastolan euskararen erabilera sustatu eta euskal kultura indartzeko asmoz ikasleak astero batzen dituena. 

Euskara Batzorde hori lagun, euskara eta euskal kultura sustatzeko hainbat ekimen antolatu edo bultzatzen ditugu urtero-urtero: Ikastolen jaiak (Ibilaldia, Herri Urrats, Kilometroak, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez), Euskaraldia, Arimen gaua, Euskararen Eguna, Durangoko Liburu eta Diska Azokara irteera, Mari Domingi eta Olentzero, Agate Deuna… Horiez gain, Literatura-Gaua ere badugu; irakurzaletasuna sustatzeko hainbat ekintza egitean datza, eta horietako bat gaua ikastolan ematea da.

Azkenik, gurean euskarak bizi duen erabileraren eta kalitatearen beherakadak arduratuta, 2018-2019 ikasturtean Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI Fakultatearekin elkarlanean hasi ginen. Proiektuak fase ugari dituen arren (ikasleak, langileak, familiak…), oraingoz ikasleak ardatz dituen puntuan gaude; etorkizun ez oso urrun batean, euskararen erabilera eta kalitatean hobekuntza nabariak izango ditugulako ziurtasunarekin.